XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nobela dugu, nik uste, gizarte modernoaren mitologiaren formarik nabarien eta garrantzitsuenetakoa.

Gure kasuari bagagozkio, ostera, nekez esan genezake euskal nobelak Euskal Herriaren gorabeherak eta gertakariak adierazten dituenik, oso kasu bakanetan izan ezik.

Hor dago, beraz, gure gizarte-bizitza, gure experientzia kolektiboa, euskal idazleek eta batez ere euskal nobelagileek eman liezaioketen literaturazko bizi mitiko eta poetiko horren zain.

Ezin da, jakina, literatura eta batez ere nobela errealitateari buruzko dokumentu hutsa balitz bezala hartu.

Errealismo arrunt baten ikuspegi motza gainditu behar dugu, literaturari eta nobelari toki zabal eta berezia prestatu nahi baldin badiogu.

Baina, errealitatetik abiatu da beti, nola edo hala, munduan izan den nobelistika nagusia.

Horrenbestez, gure giza eta gizarte-bizitza izan daiteke, eta izan behar du gure nobelagintzarako abiapuntu sakon, zabal eta oparoa.

Hor daukagu, ikasbide bizi eta probetxagarri, Barojak egina.

Barojaren garaian, Barojaren mintzairan, eta, behar bada, Barojaren gisara egina, noski.

Guk, orain, oraingo errealitatetik datorkigun aupadari erantzun behar diogu, gure mintzairaz eta modura, jakina.

Baina guztiz desiragarria da, Barojak agertu eta erakutsi zituen sakontasunaz, maitasunaz, eta, beharbada, trebetasunaz egin ahal izatea.

Agian, Barojarengan interesatzen zaiguna ez da, hain zuzen, berak Euskal Herriaz eta euskal bizitzaz gorde zuen eritzia, ez eta haren mundu-ikuskera edo ideologia ere.

Honetan, Barojarekin bat etortzea ez etortzea bezain bidezkoa dugu, jakina.

Bestalde, Barojaren eritziz bestekoak berekoak baino gehiago omen dira, eritziak inoiz kontatzerik balego.

Nolanahi ere, eritzi bereko ala besteko, inork uka ezin lezakeena zera da: Barojak zeukan narratzaile-sen zorrotz eta argia: honen arabera, berak bizi, ikusi edo amesten zuen guztia, narraketa bihurtzen zen.

Horretan, hots, errealitatea nobeleskoki, narratiboki esan eta erakusteko trebetasun honetan dugu Pio Baroja maisu ukaezin eta paregabea.

Barojaren maisutza honetatik asko eta asko ikas dezakete gaurko euskal nobelagileek.